2005/09/16

ARTXIKER artxibo elektronikoa abian jarri da

Baionako IKER ikerketa guneak oso zerbitzu baliagarria jarri digu eskura Euskal Hizkuntzalaritzaz ikertzen dugunoi: ARTXIKER artxibo elektronikoa.

IKER-en web gunean adierazten denez,
Artxiker artxiboa nazioarteko liburutegi elektroniko bat da, euskarari eta tipologikoki hari hurbil diren hizkuntzei buruzko ikerlanak biltzen eta zabaltzen dituena. IKER (www.iker.cnrs.fr) eta CCSD (Centre pour la Communication scientifique directe, www.ccsd.cnrs.fr) delakoaren arteko lankidetzaren fruitua da artxibo hau, eta euskarari buruzko ikerketak bultzatzen dituzten gune unibertsitario nagusien babesa badu. Artxiboa oraino erabidean da.

Euskarari buruzko ikerketa egiten duten gune unibertsitarioetarik nagusien babesa badu, horien artean direlarik :

* Michel de Montaigne Unibertsitatea – Bordeaux 3
* Paue eta Aturriko herrialdetako Unibertsitatea
* Euskal Herriko Unibertsitatea
* Nafarroako Unibertsitate Publikoa
* Deustuko Unibertsitatea
Biziki animatzen zaituztet ARTXIKER erabiltzeko, bai bertan utzitako lanak irakurtzeko, baita zuen lanak artxiboan uzteko ere.

Mota askotako lanak onartzen dira ARTXIKER-en, argitaratuak zein argitaratu gabeak: aldizkari, prentsa eta liburuetan agertuak, liburu osoak, biltzarren batean aurkeztutako komunikazioak, aurre-argitalpenak, ikerketa txostenak, tesiak, lan dokumentuak eta baita multimedia artxiboak ere.

Lanak utzi ahal izateko, lehenbizi artxiboan izena eman behar duzue, Izena emateko aukeratuz. Bertan eskatzen diren datuak bete ondoren, mezu elektroniko bat bidaliko zaizue, kontua aktibatzeko, eta hortik aurrera lanak utzi ahalko dituzue ARTXIKER-en.

Dena dela, zalantza edo galderarik bazenute, niri idatzi edo, nahiago baduzue, zuzenean ARTXIKER-en kudeatzaileari (artxiker@ccsd.cnrs.fr).

Berriro ere ARTXIKER-ek eskainitako zerbitzua erabiltzeko animatu nahi ditut Euskal Hizkuntzalaritzaz ikertzen duten guztiak.