2005/04/14

Klasikoen Gordailua: euskal testu zaharrak Interneten

Klasikoen Gordailua web gune berria sortu da, lehengo Euskal testuen gordailua berrituz eta aberastuz. Gune berria armiarma.com literatur atariaren barruan sartu dute, Patxi Salaberri Muñoa irakaslearen eta Susa literatur aldizkariaren ahaleginei esker.

Euskal literaturako testu klasikoen gordailua gaur, apirilaren 14an, 20:00etan aurkezten dute Gasteizko Goiuri-Villasuso jauregian.

Albisteari buruzko xehetasun gehiago aurki daitezke honako lekuotan:


Bisitaldi laburra egin diot testu bilduma berriari eta hauexek dira bat-batean bururatu zaizkidan zenbait iritzi eta iradokizun apal:

  • Lehenik, arduradunei zorionak ematea egindako lan txukunagatik; orain arte Euskal testuen gordailua oso tresna erabilgarria izan bada, oraingo bildumak marka guztiak hautsi ditzakeela uste dut.
  • Testuak aurreko bertsioan baino askoz argiago irakurtzen dira, letratipoak eta diseinua zainduagoak direlako; gainera, testu luzeetan ezkerreko ertzean atalak agertzen dira, nabigazioa erraztuz.
  • Testuen zerrenda kronologikoaren hasieran mende bakoitzaren lotura jarri den bezala, eta antzera generoen araberako zerrendan, ondo legoke egileen zerrenda alfabetikoan ere hasieran alfabetoa jartzea eta letra bakoitza lotura izatea (Euskal poesiaren atarian bezalatsu, adibidez).
  • Corpusa arakatzeko aukera ematea oso ideia ona iruditzen zait, neurri batean (eta, agian, asmo horrekin sortu da) Ereduzko prosa gaur tresnaren osagarri bilakatu baitaiteke.
  • Testu askotan faltan hartu dut bertsio elektronikoaren iturria aipatzea, hala nola Lazarragaren eskuizkribua, Etxeberri Ziburukoaren Noelak, Tartasen Arima penitentearen..., Añibarroren lan guztiak, Webster, Barbier eta Bustintzaren ipuin bildumak eta abar.
  • Bestalde, ondo legoke, nik uste eta ahal den neurrian, iturrien aipamenak nolabait bateratzea: esaterako, batzuetan bertsio elektronikoaren egilea aipatzen delarik (nondik hartu duen esan gabe), bestetan bertsio inprimatuaren iturria agertzen da (nork digitalizatu duen esan gabe).
  • Agian, testuak apurka-apurka zuzentzeko, wikiedizioen sistema batera jotzea teknikoki konplexuegia izan liteke, eta ez nago seguru emaitzak beti betegarriak izango liratekeen; edonola ere, komeni litzateke gutxienez kontaktu helbide bat edota formulario bat sartzea, nahi duenak bere zuzenkizunak proposa ditzan. Lazarragaren eskuizkribuaren transkripzioak duen zuzenketen erregistro moduko bat sartzea ere egokia izan liteke.
  • Esaterako, Barrutiaren testuak oraindik oker ematen ditu Mitxelenak aspaldi (1978an) zuzendutako --eta originala berragertu zenean ondo zuzenduta zeuden-- pasarte batzuk: xokudi iratxoaren ordez xo bidi behar luke eta beatu-ren lekuan ukatu (seguru nago nire ikasle(ohi) batek hau irakurtzen badu, ondo gogoratuko dela).
Gaurkotzea (apirilak 15): Klasikoen Gordailuari eta atzoko aurkezpenari buruzko albiste gehiago Interneten:

1 iruzkin:

At 10:01 PMetan, Anonymous Josu Landa(e)k esan zuen...

Kaixo, Ricardo:

Klasikoen Gordailuko lantaldearen izenean idazten dizut. Mila esker zure zorion, piropo eta iradokizunengatik.

Zerrenda alfabetikoan letren araberako azpisailkapenak egiteari buruz, arrazoi osoa duzu, askoz erabilgarriagoa litzateke, eta berehala aldatuko dugu horixe.

Iturriak behar bezala eta, batez ere, modu bateratuan emateari buruz, uste baino kontu konplexuagoa da. Adibidez, bertsio elektroniko asko eta asko ez dakigu nork eginak diren ere. Eskuratu egin ditugu, handik eta hemendik, baina ez dakigu nork eginak diren. Nolanahi ere, orain dagoena baino txukunxeago egon litekeela jakitun gara, eta saiatuko gara.

Zuzenketei dagokienez, ea datozen egunotan horretarako bidea asmatzen dugun. Gasteizko aurkezpenean, jendarteko batek egin zigun proposamenari kasu eginez, liburu guztiak RTF formatuan emateko asmotan gara, testu editore batez osorik irakurri eta editatu ahal izateko moduan. Beharbada, hori baliatuz, inork zuzenketak egiteko eta bertsio berriak propsatzeko bidea ere zabal genezake.

Mila esker, ostera ere.

Josu Landa
Susa literatura argitaletxea

 

Publicar un comentario en la entrada

<< Hasierara