2004/06/30

HIZTEGIA.NET euskal hiztegien biltegia

ARTEZ Euskara Zerbitzuak euskal hiztegiak Interneten erabiltzen dugunontzako tresna oso baliagarria jarri du eskura.

Honezkero web gune bakar batean izan ditzakegu euskal hiztegi on-line guztiak (eta ez soilik), euren kontsulta, eta konparaketa bidenabar, zeharo errazten delarik. Jakina, HIZTEGIA.NET-ek biltzen dituen hiztegien artean luzeagoak eta laburragoak ditugu, hobeagoak eta kaxkarragoak, batzuk orokorrak beste batzuk teknikoak, zenbait kontsultaerrazak beste zenbait traketsagoak. Baina hori guztia hiztegi bakoitzaren merituetan edo "desmerituetan" dago eta ez litzaioke biltegiari egotzi behar.

Web gunea honako atal hauetan banatzen da:

- Orokorrak: Elhuyar edo 3000 bezalako hiztegi ezagunak eta beste, esaterako euskara-txekiera edo euskara-estoniera hiztegiak. Hamasei guztira.
- Sinonimoak: Bostak Batena eta UZEIrena.
- Herriz herri: Zazpi herritako lexiko bildumak.
- Entziklopediak: Harluxetena eta Entziklopedia laburra.
- Gaika: Hogeita bederatzi hiztegi tekniko sartzen dira hemen.
- Corpusa: Errefrau, esamolde, onomastika eta bestelako hizkuntza corpusak, hamabi guztira.
- Erdarak: Interes handiko osagarria, nahiz eta atal hau ezin gainerakoak bezain osoa izan. Zortzi osagai, euren artean hiztegi-bilduma batzuk.
- Softwarea: Hizkuntzarekin lotutako softwarea, noski, ez edonolakoa.
- Kontsultak: Euskaltzaindiaren eta HAEE/IVAP-en kontsulta-zerbitzuekiko loturak.

Material interesgarriz betea, hortaz. Hala ere, zerbait gehiago erants lekioke. Eta seguru nago asko utziko ditudala aipatzeke, baina ausartuko naiz neure aholku-proposamenen zerrenda aurkeztera, laster inork lodituko duelakoan:

1. Hiztegi "orokorren" artean, nonbait sartzeko, Larry Trask euskalari hilberriaren web guneak duen "Some Important Basque Words (And a Bit of Culture)" orriko hitz-zerrenda labur bezain ongi hautatua.

2. Euskal entziklopedia gehiegi ez ditugu, egia da; beharbada Wikipedia gehituko nuke, ezagunegia ez delako eta guztion artean elikatu daitekeen entziklopedia delako.

3. Erdarazkoetarik hiztegi-bilduma pare bat baino ez, atal hau luzeegi ez egitearren: "Language Dictionaries and Translators" eta Suitzako Hizkuntza Zerbitzu Zentralek eskainitako "Dictionnaires électroniques" zerrenda ordenatua.


Sustatun agertu zen Hiztegia.net-i buruzko artikulua irakurtzeko, klik egin hemen.

3 iruzkin:

At 12:16 PMetan, Anonymous Anónimo(e)k esan zuen...

Luistxo naiz, zorionak Ricardo blog honengatik. Ez da ageri aukeretan non dagoen blog honen Feed-aren helbidea, baina nire feed irakurgailuaren bidez deskubritu dut http://filoblogia.blogspot.com/atom.xml helbidean dagoela. Hortara harpidetu naiz Bloglines.com bidez, eta beraz, nik handik irakurriko dizut. Ez pentsa irakurle guztiek zure estatistika ikonotxo horren bidez kontrolatuko dituzunik... nire bisita izan gabe, zure gunetik jariatzen den XML informazioaren bidez irakurriko dizut nik.

ondo ibili

Luistxo

 
At 12:53 PMetan, Blogger Ricardo Gómez(e)k esan zuen...

Eskerrik asko, Luistxo. Feed-aren eta XLM-ren kontuak dituk, besteak
beste, oraindik kontrolatzen ez ditudan horietakoak. Blogak hobekuntza
nahikotxo beharko dik, baina nahiago izan diat dakidanarekin abian jarri
eta ez itxaron informatikazko arazo horietaz jabetu arte, bestela...

Dena dela, konplikatuegia ez bada eta langundu ahal badidak blogean
horrelako informazioa azaleratzen, edo egoki ikusten duan beste edozein
aldakuntza, eskertuko diat.

Laster arte,

 
At 10:39 PMetan, Anonymous Anónimo(e)k esan zuen...

Hasteko eta behin, zorionak zuri ere sortutako orrialdeagatik, filologo eta euskaltzaleok sarean geneukan hutsunea betetzen duela uste dugu eta.
Bigarrenik, eskerrik asko hiztegia.net web guneko erabiltzaile izateagatik eta, batez ere, zure orrialdean hiztegia.net-i buruz egindako ekarpenengatik. Aipatutako hiztegiak eta hiztegi bildumak ikusi eta aztertu ostean, web gunean bere lekua behar zutela iritzi diegu eta dagoeneko sarean dira lotura berriak, bakoitza bere arloan, aurreko hiztegi guztiekin batera.

Besterik gabe, eskerrik asko zure ekarpenengatik, eta bestelako hutsunerik somatzekotan jakinarazi ahal dizkiguzu.

Ibon Rodriguez
ARTEZ Euskara Zerbitzua

 

Publicar un comentario en la entrada

<< Hasierara